Chambaok kontzertua emango du heldu den otsailaren 23an Durangoko Erakustazokan. Con otro aire izeneko lanik berriena aurkeztuko dute andaluziarrek bertan. Aurretik, baina, flamenko-popa egiten duen El Combolinga taldea entzuteko parada izango da. Kontzertua 22:00etan hasiko da, eta sarrerak salgai daude jada www.ticktackticket.com webgunean, 22 eurotan.
Flamenko-chill doinuak jorratzen aitzindari izan zen taldearen laugarren diskoa da Con otro aire. Endorfínas en la mente (2003), Pokito a Poko (2005) eta Caminando 2001-2006 (2006) argitaratu zituen aurrez. Lan berri hori La Marik, taldeko abeslariak, idatzitako bederatzi abestik osatzen dute. Bere hitzetan, “beste musika eta latitude batzuei, Afrikari esaterako” egindako “begirada pertsonala” da disko berri hori.
Baina, esan bezala, El Combolinga talde madrildarrak emango dio hasiera gauari. Mestizajea filosofia duen taldea da, eta mundu zabaleko musika estilo ezberdinak jorratzen ditu, flamenkoa, sanba, funka, rumba eta Afrikako musika, besteak beste. Año Mariano eta El penalti más largo del mundo bezalako filmetako soinu-bandetan beren abestiak entzun daitezte. Hiru disko plazaratu dituzte (El Combo Linga, Agítalo eta Daquipayá), eta laugarrenean (taldea eraberritu zenetik bigarrena) lanean ari dira.